XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) gizakietarik gehientsuenak ez du inoiz izan nozioak abstraitzeko asmorik.

Zailak direla esan ohi da, izan ere, eta lortezinak neke eta ikasketarik gabe.

Arrazoiz konkluditzekoa da, beraz, izatekotan ere halakorik, jende ikasiarentzat soilik daudela erreserbaturik.

11. Aztertzera noa abstrakzioaren doktrinaren alde argumenta daitekeena, ea aurkitu ahal dudan zerk makurtzen duen espekulazioaren inguruko jendea zentzutik hain urrun dirudien eritzi hori besarkatzera.

Oraintsu hil den filosofo bat izan da, merezimendu osoz estimatua bera, bultzada handi-handia eman diona horri, uste izanik, itxuraz, ideia orokor abstraktuak izatean datzala gizakiaren eta animaliaren ezberdintasun sakonena ezaguerari dagokionez.

Ideia abstraktuak izatea da (dio berak) ezberdintasun garbi-garbia jartzen duena gizakien eta abereen artean, abereen ahalmenek inola ere erdietsi ezin duten bikaintasuna delarik berau.

Bistakoa baita ez dugula somatzen hauengan ideia unibertsaletarako zeinu orokorrez baliatzeko urratsik, horrexek garamatza uste izatera ez dutela ideia abstraktuak eraikitzeko edo abstraitzeko ahalmenik, ez baitira baliatzen berbaz ez beste ezein zeinu orokorrez.

Eta gerotxoago dio:

Beraz, eman dezakegula uste dut horrexetan bereizten direla animali espezieak gizonengandik, eta ezberdintasun bereizgarri hauxe dela elkarrengandik guztiz banantzen dituena eta hain troka handia zabaltzen azkenean.

Zeren ideiaren bat badute eta makina soilak ez badira (baten batek eurei buruz uste bezala), ezin ukatu diegu nolabaiteko arrazoimena.

Zentzuak dauzkatela bezain ebidente dela uste dut arrazoimenaz baliatzen direla haietariko batzuk zenbait kasutan, baina soil-soilik ideia partikularrei dagokienez, beren zentzuen bidez jasotzen dituztenez, hain zuzen.

Loturik aurkitzen dira euretariko onenak muga estu honen barruan, ukan ere ez dutelarik, nik uste, handik ateratzeko ahalmenik ezein motako abstrakzio bidez.

Giza ezagumenari buruzko saiakera, II L., 11.k., 10. eta 11. atalak.

Guztiz ados nago autore jakintsu (...).